XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zorabiatu behar duela sentitzen du Doroteak, elur-eguzkitako zuri minetan piztiki ezinezko haren begirada sakrilegoari ezin eutsiz; eta hartan, zilborresteari erreparatzen dio, hara, oraindik zintzilik baitu, elurtzan barna galtzen delarik.

Sinestu nahi ez halako batek ematen dio nondikerebaiteko kemena bertan belaunikatu eta zilborreste ilun hari jarraiki elurra aitzurraz zulatzen hasteko, piztitxo aztarkariaren begikune erdiragarriaren pean.

Eta hantxe: bustiak ilunduriko habitu grisaren azpitik dator erremediorik gabe zilborrestea.

Elur zanpatuan, odol putzu bat.

Bettinaren begitarteak izozturik hildakoen akaberako goxotasun beatifikoa ageri du bere zurbiltasun hormatuan.

Alabastrozko amabirjina bat dirudi.

Ikararen hondoa aspaldi joa du Doroteak.

Larridura eta nahasmendu guztien gainetik, ideia bat nagusitu zaio, bestelako pentsamentuak iluntzerainoko burubide argi bat: ez du inork haren berri jakin behar.

Zilborrestean gorako bidea egiten du begiekin, munstro jaioberria bertan akabatzera deliberaturik.

Pizti-umea orduan, aztarkari utzi eta so geratu zaio.

Doroteak, aitzurra altxa, eta zilborrestea eteten dio, handik aldegin dezan: nork luke bihotzik kreatura hari deus egiteko?

Bidutzia, ordea, amarengana egin eta odol baltsan miazka hasten da, bere jainkotxiki aurpegi otxan harekin.

Doroteak orduan, ezin jasanez itsu, jo-ta-kraskatu egiten dio burua (...).